Enplegua sortzeko, produktu eta zerbitzuen sormena eta hobekuntza.

miércoles, 11 de enero de 2012

Prototipoak amaitzen jakin


Egun hauetan, GARAIA Berrikuntza Gunean Antonio Guerra ekintzailearen startup-ak dituen prototipo berriak ikusten izan naiz. Ezagutzen ditudan sortzaileen artean emankorrenetakoa da Antonio, eta 40 patentetik gora ditu erregistratuta. Horietako lehena 1992koa da, Paris bezalako hirietan erabiltzen diren kaleko altzariei buruzkoa. Beste sari batzuen artean, 1994an estatuko diseinatzaile onenaren garaikurra jaso zuen, Orbea enpresarentzat egindako bizikleta moderno bategatik; 1997an BIC-Berrilanek emandako diseinatzaile onenarena, etab. Cardgirus bizikleta estatiko birtualarena da bere patenterik estimatuenetakoa, eta Greg Lemond zein Bill Gates bezalako pertsona ospetsuek erabiltzen dute, eta baita Australiako talde olinpikoak. Gaur egun esku artean dituen proiektuen artean, honako prototipoak ditu:
A) Hiriko bizikleta berri eta iraultzaile batena, Noomad izenekoa,
B) iPad-etan erabilgarria izango den simulagailu baten softwarea, ingurune debekatuak saihestuko dituen aire-bideentzako, eta
C) “Lau lerroan” joko original eta tridimentsionalarena, iPhone edo iPad bezalako gailu mugikorretan eta sare sozialetan jokatzeko modukoa. Bere izena lo-xio da, eta jadanik 22 nazioetan gehien jaitsitako 100 jokoen artean dago.

Sortzaile nekaezina, bere ustez:
- Duen motibaziorik nagusiena ideiak errealitate gauzatzea da,
- Sormenak soilik prototipoa ondo egiten denean balio du,
- Jende asko dago prototipo bat amaitzen ez dakiena; gutxi batzuk lortzen dute hori,
- Desberdina da ingeniaritza egitea, edo arituko den prototipo bat hasieratik garatzea,
- Profesional adituekin harreman ona mantentzea garrantzitsua da, aprobetxatzea nahi dutenengandik saihestuz,
- Baikorra sentitzen da, eta “guda” txikietan ez du sartu nahi,
- Badira ekintzaile izan litezkeenak, negozio bat sortzeko jauzia ematen ez dutenak, koldarkeriagatik edo inguruneagatik,
- Oinarri teknologikoa duten enpresa berrientzat, erraztasun finantzario handiagoak egon beharko lirateke.
.