Enplegua sortzeko, produktu eta zerbitzuen sormena eta hobekuntza.

viernes, 24 de febrero de 2012

Intuizioa eta Negozio Plana


Aste honetan goi-mailako enpresari batek adierazi duenez, produktu berriak edo negozio berriak sortzerakoan, intuizioan gehiago fidatzen da zenbakietan baino. Nire ustez zehaztasun gehiagoz hitz egin beharko luke. Intuizioa ondo garatua edukitzea garrantzitsua da, eta erabiltzea komeni da. Baina plangintza baten oinarrituta, eta honen euskarria zenbakiak dira eskuarki. Ondo planifikatzen duten negozioak eta lurraldeak lortzen dute arrakasta epe ertain eta luzera. PDCA metodoak edo Deming-en zirkulu ospetsuak azaltzen du hori ongi. Nabaria da presa barik eta sakon planifikatzen duten nazioetan, Alemania eta Austriaren kasuak adibidez, eraginkorragoak direla. Beste aldean kokatzen ditugu Mediterraneo inguruko lurralde denak. Hauetan, apur bat planifikatu ondoren azkar igarotzen da ekintzara, intuizioan oinarrituta.

Bestalde, Negozio Plan bat ez da egiten soilik zenbakiak lortzeko. Helburu gehiago daude, bost zehazki, eta honela laburbilduko ditugu:
1- Ekintzaileari, abian jarri nahi duen negozioaren ezagutza sakona, zabala eta objektiboa lortzen laguntzea. Eta guzti hori, negozio berriaren lau arlo nagusietan: finantzak, marketing-a, ekoizpena eta pertsonala.
2- Elkargunerako dokumentua izatea. Horrela, ekintzailearen zein kolaboratzaileen helburuak ardaztu egingo dira.
3- Bankuen zein finantza erakundeen aurrean eskaerak dokumentatzeko.
4- Bazkideak aurkitzeko, eta hauei proiektuaren onurak azaltzeko. Bazkide hauek kapital-arrisku erakundeak edo inbertitzaile pribatuak, “business angels”ak, izan daitezke.
5- Kasu batzuetan, Administrazio publikoan laguntzak eskatzeko balioko du. Horretarako Negozio Plan bat larregi iruditu arren, eskaerari seriotasuna emango dio.
.