Enplegua sortzeko, produktu eta zerbitzuen sormena eta hobekuntza.

viernes, 30 de marzo de 2012

Maiordomotzaren haziak


Ekintzaileak” aldizkari bikainaren apirileko alean, Gary Hamel management-eko guru ospetsuaren azken libruruaren laburpen bat jasotzen da “What Matters now” (Orain axola dena). Zuzendari edo ekintzaile bat nolakoa izan behar den azaltzen du, beti ere bere ikuspegitik, eta London Business School-eko ikasleei esaten ziena argitzen digu. Aholku hauek egunero gogoan edukitzea komeni dela dio.

1- Zure ama alargunak aurrezki guztiak zure enpresan inbertitu ditu. Beste akziodunik ez dago, eta hori da bere inbertsio bakarra. Horregatik ahaleginduko zara pentsio ziurra izan dezan. Ondorioz, inoiz ez duzu sakrifikatuko epe luzea, mozkin azkar batengatik.
2- Zure nagusia anaia zaharrago bat da. Errespetua zor diozu. Baina inoiz ez zara zurikeriatan arituko.
3- Zure enplegatuak gaztetako lagunak dira. Beti emango diezu zalantzaren aukera. Baina premiazkoa denean, adiskidetasuna elkarrenganako erantzukizuna ere badela garbi utziko diezu.
4- Zuen semeak dira bezero nagusiak. Horrek esan nahi du ez diezula ziria sartuko edo aprobetxatuko. Inoiz ez duzu bezero bat esplotatuko.
5- Burujabeki aberatsa zara. Nahi duzulako egiten duzu lan, eta horretxegatik ez duzu zuzentasuna baztertuko igoera bategatik. Uko egingo duzu, amore eman gabe.

Azkenik, honakoa gaineratzen du: “Suposizio hauen arabera aritzen baldin bazarete, maiordomotzaren hazia elikatzen zabiltzate zeuen bizitza profesionalean eta, adibidearen bidez, baita besteen bizitzan ere”
.

jueves, 29 de marzo de 2012

Kideengandik ikasi

Peter Drucker edo Tom Peters bezalako management-eko guruek behin eta berriz errepikatu izan dutenez, premiazkoa da ekintzaileak bere puntu indartsuenak ezagutzea, eta bakarren baten bikaina izatea. Horretarako, besteei galdetu egin behar diegu nola ikusten gaituzten jakiteko, zer estimatzen duten gehien gugandik, zertan garen bikainak. Gaurko bideoan, Sukhinder Singh Cassidy ekintzaileak dioenez, gaztaroan irakasle batek bere ezaugarririk nagusiena enpatia zela esan zionean, ez omen zion ulertu. Berak, adimentsua edo azkarra zela entzutea espero zuen. Gaur egun, kolaboratzaileek bere enpresan pozik daudela diotenean, hain zuzen enpatiagatik dela adierazten omen dute. Bideoan Cassidyk, ikusleei “marka"-ko arlo indartsuenak identifikatzeko proposatzen diete. Berak hori kideengandik nola ikasi zuen azaltzen digu, sarritan arlo edo indar horiek ez baitira izaten norberak uste dituenak.
.
.

.
.

sábado, 24 de marzo de 2012

Negozio Plan bat ondo aurkeztu


Aste honetan negozio berrien proiektuen aurkezpenak izan ditugu. Sarri gertatzen da denbora asko ematen zaiola Negozio Plana egiteari, eta denbora gutxi gordetzen dela bere aurkezpena eta power pointa prestatzen. Egokiena bien arteko oreka bat gordetzea da, bereziki NPa taldean egina izan baldin bada. Horretagik, denbora nahikoa bideratuko zaio NPa sustatzeari, “saltzeari” aurkezpenen bidez. Ez da izango azken momentuko zerbait, presaka prestatua, eta ondo aterako delakoaren ustean. Sarritan, aurkezpen on batek, ekintzailearen jarduera sinesgarri batek, mamiak bezainbeste balio dezake. Adibide ezagun bat ipintzearren, Hollywood-eko pelikuletan, ekoizteari aurrekontuaren erdia bideratzen zaio, eta beste erdia mundu osoan sustatzeari, hori izanik beraien ezaugarrietako bat. Badira Monica Perez de las Heras bezalako aditu bikainak arlo honetan, “Komunikatzen ari al zara?” liburuaren egilea bera, eta aurkezpen eraginkorrak egiteko coatxing-a.

Gure ustez power pointarekin talde aurkezpenak egiterakoan, 15 edo 20 minutu inguruko iraupenekoak, arlo desberdin hauei erreparatzea komeni da, era orekatuan eta beti ere entzuleriaren arreta eskuratu asmoz:
1- Egitura orokorra,
2- Denboraren erabilera,
3- Power point-aren edukia,
4- Ekintzailearen jarrera aurkezpenean,
5- Power pointak aurkezpenari ematen dion balio erantsia,
6- Mamia, negozioaren ideia, eta Ikuspegia,
7- Finantza arloa,
8- Marketing arloa,
9- Ekoizpen arloa,
10- Pertsonal arloa,
11- Amaierako ustezko galderen erantzunaren prestaketa.
.

miércoles, 21 de marzo de 2012

Porrot ospetsuak

Gure ingurunea eta beste nazio batzuen aldeetako bat, estigmatizatu egiten zaiola ekintzaileari, behin porrota izaten badu. Betirako geratzen zaio porrot egin duenaren ospea. Baina nazio batzuetan, USAn adibidez, negozio berri baten inbertitzeko orduan, inbertitzaileek nahiago izaten dute porroten bat izan duen ekintzailea, berria baino. Porrotetatik gehiago ikasten delakoan daude. Horregatik argitaratzen dituzte hona dakarkigun bideoa bezalakoak, ospetsu askok aurretik itzelezko porrotak izan zituztela ekintzaileei eta gazteei erakusteko. Arriskatzea eta pro-aktiboa izatea, bizitzeko era bat da.
.
.

.
.

viernes, 16 de marzo de 2012

Atzerrian kopiatu


Negozio berrien ideiak ematen dituen Springwise aldizkari bikainaren aste honetako alean, adibide batzuk badira gure inguruan ezartzeko modukoak. Giltzarria, ideia berberari erabilera berriak aurkitzea izango litzateke, edo gurean arrakasta lortzeko premiazko egokitzapenak egitea. Gehien atsegin zaigunen artean, QR kodea (quick response barcode edo erantzun azkarreko barra-kodea) daraman pegatina dago. Motorzaleen kaskoan, edo txirrindulari, eskiatzaile edo beste kirolari batenean ipini daiteke. Istripua izan ezkero, mugikor batekin irakur daiteke, kolpatuaren historia mediko osoa lortuz, Osasun Ministerioak onartutako zerbitzari seguru batetik. Kodea azkar irakurriko du larrialdietako mediku batek, eta ospitaletik bertatik eman ditzake tratamenduaren argibideak, bertaratzeko beharrik izan gabe. Kirolariez gain, beste talde batzuetara gara daiteke sistema hau.

Epe ertainera gure artean egongo diren beste negozio batzuk, honakoak lirateke:
- Argazkilaritza estudio errazak erabili, katalogoak iPadekin osatzeko,
- Motozikleta elektrikoak partekatu, premien arabera alokatuz,
- Kotxeen aurrealdean ezarritako kanpoko airbagak, oinezkoekin talka egindakoan erabiltzeko, edo
- Barne-jantzi elektrikoa ezinduentzako, deskarga elektriko leunak emanaz 10 minutuz behin, ultzeren sorrera ekiditzeko.
.

miércoles, 14 de marzo de 2012

Zerbait estrainekoz egin


Seth Godin best seller-ak egiten nazioarteko aditua denak, otsailean bere azken liburua argitaratu du, titulu erakargarri honekin “EGIZU! Noiz izan zen azken aldia zerbait estrainekoz egin zenuena?" Bere liburuak 35 hizkuntzatara itzuliak izan dira, eta marketing-a eta lana bera ulertzeko era aldatzeko balio izan dute jende askorentzat. Ezagunenak honakoak dira: “Behi purpura. Desberdindu zaitez negozioa eraldatzeko” eta “Ideiabirusak askatzen”, inoiz argitaratu den ebook-ik ospetsuena. Idazlea, hizlaria eta bloggerra izan aurretik, Godin Yahoo-ko marketing zuzeneko lehendakari ordea izan zen. Liburu hau auto-laguntzarako da, eta irakurleari iniziatiba izaten eta porrotari beldurrik ez edukitzera bultzatzen dio. Ekintzaileentzako hainbat aipu inteersgarri dakar, eta horien artean “Egin dezakezun gauzarik okerrena ezer ez egitea da”, “Porrota ezin baduzu izan, orduan ez du merezi”, “Ausartzen ez bazara eta arriskuak hartu, hutsala izango zara. Garrantzitsuena pentsatzera animatzea da, ikertzera eta saiatzera, horrela ikasten eta sortzen dugulako”.

Ekintzailearentzat 6 kapital mota daudela dio:
- Kapital finantzarioa: inbertsio bat egiteko behar den dirua,
- Sareen kapitala: ezagutzen duzun jendea, kontaktuak, txikizkariak, eta kontutan hartu daitezkeen sistemak,
- Adimen kapitala: burua, eta gaian adituak direnengana heltzea,
- Kapital fisikoa: eraikina, makineria eta tresnak,
- Izenaren kapitala: ospea, eta
- Kapital zirikatzailea: aurrera egiteko gogoa, ahalmena. Eta “baietz” esateko adorea. Azken hau da, hain zuzen, gehien estimatzen duena, eta garrantzitsuena ekonomia berrian.
.

viernes, 9 de marzo de 2012

Ekintzailearen ADNa

Aste honetan nazioartekoaren emakumearen eguna izan da. Isabel Llorens, Rusticae hotelen katearen sortzaileak emakumeei ekintzaile izateko animatzen die. Norberaren enpresa izatea, amets bat abian jartzea da . Jende guztia da ona zerbaiten, eta bizitzaren hautu bat da ekintzaile izatea.
.

.

miércoles, 7 de marzo de 2012

Ekintzaile erabiltzaileak


Ewing Marion KAUFFMAN amerikar fundazio ospetsuak, ekintzailetasun arloko mundu mailako onenetakoak, azterketa baten emaitzak argitaratu berri ditu “Nearly Half of Innovative U.S. Startups Are Founded by 'User Entrepreneurs'” (USAko oinarri teknologiko enpresa berrien artean, ia erdiak ekintzaile erabiltzaileek sortu dituzte). Lan berri hau izan da lehena ekintzaile erabiltzaileen, beraientzako sortzen dituzte produktuak eta ondoren komertzializatzen hasten dira, ezaugarriak aztertzen dituena. Oinarri teknologikoko enpresen %46a sortu dituzte, sortutako enpresa guztien artean %10,7 izan arren. Hain zuzen, berrikuntza teknologikoak sektore askotan bultzatu dituzte, osasungintzako tresneriatik hasi eta kirol jantzietaraino.

Hainbat patroi interesgarri ezberdin daitezke:
- Ekintzaile erabiltzailea oso ohikoa da negozio berritzaileetan, eta gehienek finantzazioa lortzen dute arrisku-kapitaleko enpresetatik lehen sei urtetarako.
- Ekintzaile erabiltzaileek gaitasun handiagoa dute beraien inguruan giza kapital handiagoa eta aberatsagoa lortzeko. Halaber, enpresa horiek agudoago egiten dute aurrea diru sarrerak lortzen.
- Era honetako ekintzailetasuna oso egokia izan daiteke hainbat emakumeentzat eta gutxiengoen taldeentzat.
- Ekintzaile erabiltzaileak desberdinak dira beste ekintzaileekin alderatuz. Negozio berriak arrakastatsu garatzeko, ideia, berrikuntza eta bezero ukigaiagoak izaten dituzte.
.

viernes, 2 de marzo de 2012

Lanpostuak online arloan


“Ekintzaileak" aldizkari bikainaren martxoko alean, erdiko dosierra “Negozio online bat eratzeko aukerak” aztertzeari eskaintzen dio. Bereziki, azaleratu berri diren merkatuei, eta oraindik larregi ustiatu gabeko negozio ereduei. Ekintzaile bakoitzak bere aukera aurki dezan, garapen ahalmeneko hainbat sektore aztertzen ditu, zehazki: Elikagaigintza, Drogeria, perfumeria eta kosmetika, Moda eta osagarriak, Produktu esklusibo eta luxuzkoak, Osasuna, Maskotak, eta Jokoak zein “gadget”ak. Sektore bakoitzaren barnean, abian dauden hainbat online enpresa arrakastatsuren adibideak azaltzen dira. Kasu gehienetan, eredu horiek beste pertsona batzuek kopiatzeko modukoak dira, beste leku batzuetan, aldaera ezberdinekin.

Bestalde, duela egun batzuk Martin Varsavsky ekintzaile teknologikoak post bikain hau argitaratu zuen: “Nola erabiltzen ditudan Sozial Mediak”. Bertan, sare sozialen erabilpenaren hainbat gai irakasten digu. Zehazki, hauek aztertzen ditu: Facebook, Google+, Twitter, Tumblr, Pinterest, Path, Flickr eta Picasa, argazkigintzako Apps, Snapseed, Instagram, YouTube, Vimeo, Foursquare eta Google Maps, Spotify, Dopplr, Plazes, Google, LinkedIn, Podio, Fon, Skype, BBM, Whatsapp, GTalk, Google+ Messenger, SMS, MSN, Yahoo, Gmail, Blogak, Netvibes, RSS, WordPress, Meneame, Reddit, Busuu, iPhone 4S, Samsung Galaxy SII, Blackberry Bold 9900, iPad, eta MacBook Pro.
Era honetako informazioa lortzeko beste blog bikain bat ere badago, Enrique Dans-ena hain zuzen.
.